Ekitaldia laburra izan zen baina bizi-bizia eta une hunkigarriz betea. Hasteko, Clara Rouget ikastolako lehendakariak harrera hitz batzuk egin zituen denei ongietorria eginez eta ikastolako 50. urteurrenean eginen diren ekitaldiak banaka-banaka zerrendatuz. Hauexek izanen dira Labiaga Ikastolak ikasturterako antolatu dituen ekitaldietako batzuk: azaroaren 16an Ruper Ordorikaren kontzertua, urtarrilean oihan baten landaketa, otsailetik aitzinera arte erakusketa kolektiboa, otsailaren 15ean sagardotegira irteera, martxoaren 29an Eleder magoa, maiatzaren 31n Ikastolaren Eguneko bazkaria eta ekainaren 21ean, urteurrena borobiltzeko, Jostaldia Berako plazan, ikasturte osoan prestatuko duten antzerki eta musika emanaldia.
Aulkiak
Ondotik, adin desberdinetako dantzariek Ikastolaren historian oinarritutako dantza bat taularatu zuten, aulkiekin eskultura bat osatzen zuten bitartean. Erran behar da ekitaldi osoan aulkiak protagonista izan zirela. Izan ere, Josette Dacosta artista garaztarrarekin batera ikastolako ikasleek zaharberritu eta margotu dituzten 50 kolorezko aulkiak bihurtu dira urteurren honen sinbolo, eta eginen diren ekitaldi guztietan agertuko dira handik edo hemendik. Larunbatean, adibidez, Ikastolako patioko aterpetik zintzilik ikusi ziren aulki horiek.
Larunbateko ekitaldiaren zatirik hunkigarrienetakoa, seguru aski, Ikastolaren hasierako urratsetan lagundu zuten pertsonak oroitu zituztenean etorri zen, batez ere dagoeneko gure artean ez daudenak. Une horretan Pepi Olaetxeak idatzitako eskutitz bat irakurri zuten. Olaetxea ikastolako sortzaileetakoa eta lehendakaria izan zen hasierako urte haietan, eta joan den abuztuan hil baino bi egun lehenago ekitaldi honetarako espresuki idatzia utzi zuen gutun hori. Bertan aipatzen zuen Ikastolak Berako herriarentzat, euskararentzat eta baita beretzat ere zenbateko garrantzia izan duen. «Sinesten dut landare berriak sortuko direla» hitzekin bukatzen zen bere mezua.
Hurritz makilak urte gehien egin dituzten irakasleendako
Aurkezpen ekitaldia bukatzeko makila bana oparitu zitzaien ikastolaren ibilbidean urte gehien egin dituzten irakasleei, langileei eta lehendakariei. Oraingo ikasleen eskuetatik jaso zituzten hurritz makilak, eta hurbildutako guztien eskuetatik, berriz, esker oneko txaloak.
Honenbertzez, abiatu du Labiaga Ikastolak bere 50. urteurreneko ikasturtea, iragana berrituz baina batez ere etorkizunera begira segitzeko asmoz. Dantzariek ateratako pankartak argi adierazten zuen Ikastolaren mezua: «baietz bertze 50!».
Comments