

“EHUNZANGOAK” PROIEKTUA:
Nahi eta posible duten haur guziek ikastolako bidea oinez egitea goizero-goizero.
Horretarako hiru zutabe, hiru ehunzango abiatuko dira herriko toki desberdinetatik eta bidean ikasle gehiago batuko zaizkie. 9:00etarako ikastolako atean izanen dira denak. Ikasle talde bakoitza guraso bolondresek lagundua joanen da.
-
ALTZATEKO ehunzangoa: Altzateko plazatik. Ilekueta, Kaule, Altzate, Dornaku, Itzea, Ziako auzotarrentzat.
-
BERAKO ehunzangoa: Berako plazatik: Zalain, Burga, Legia, Kanttonberri eta Berako plaza inguruko haurrentzat.
-
AGERRAKO ehunzangoa: Agerratik: Agerra, Alkaiaga, Bidasoa karrika eta Eztegarako haurrentzat.
HELBURUAK:
-
Batetik, Ikastolan goizero sortzen den kotxe pilaketa eta arriskua ttikitzea eta bertzetik, haurrak ikusarazi eta horrela herria jasangarriagoa egitea.
-
Herrian oinez ibiltzen ohitzen dira haurrak. Herriko biztanle sentiarazten ditu ttikitatik.
-
Herria haurrentzat egokiagoa egiten laguntzen dugu (baita helduentzat ere).
-
Haur Hezkuntzan martxan jarri den marko pedagogikoa Ikastolatik kanpora zabaltzeko eta ikustarazteko modu bat da ekimen hau. Ikasleek konfiantza izan behar dute herrian barna lasai ibiltzeko, arauak errespetatzen eta arriskuak identifikatzen ikasten duten bitartean.
-
Talde lanaren eta elkar babestearen beharra ikasten dute haurrek.
-
Ongi pasatzea Ikastolako bidean.
-
NOLA GAUZATU:
-
Ehunzango bakoitzak bere ibilbidea eta abiatzeko ordua erabaki du (ikus hurrengo orria).
-
Aparkatzeko errazak diren puntuak aukeratu dira Ehunzangoak abiatzeko. Ikastolako atariraino joan beharrean, urruti bizi direnak haraino hurbiltzen ahal dira kotxez eta han utzi haurrak, edo handik Ikastolaraino oinez lagundu.
-
Haurrak seguru joatea da lehentasuna, baina ongi pasatzea ere bada helburua, Ikastolara lagunekin batera joatea.
MEG (Maiz Egindako Galderak)
-
Gure etxe ondotik pasatzen da Ehunzangoa, handik pasatzean goitzen ahal gara? Bai.
-
Beharrezkoa da Ehunzangoan joatea? Ez. Familia bakoitzaren erabakia izan behar du.
-
Haurren batek istripua izateko arriskurik ez dago?
Arriskua aunitz ttikitzen da talde haundia bada, errezago ikusten delako eta gidariek abiadura mantsotzen dutelako talde haundien aitzinean. Geroz eta Ehunzango haundiagoa, orduan eta seguruagoa.
-
3 urteko ttikientzat ez ote da bide luzeegia?
Gurasoek eta haurrek erabaki behar dute hori. Ez da beharrezkoa Ehunzangoan joatea. Dena den, Ehunzangoarekin denak elkarrekin ailegatuko dira ikastolara, beraz mantsoago doazen haien erritmora moldatu beharko dute bertzeek.
-
Euria eta hotza ari badu, zer?
Orokorrean haurrek ez diote euri eta hotzari beldurrik izaten. Arropa egokia, katiuskak, zira eta aterkia eramatea da kontua. Ikastolan aldatzeko arropak gordetzeko aukera ere bada.
