Berako Labiaga Ikastolak bere patioa berritzeko lanak hasiko ditu aurtengo udan. Obraren lehen fase honetan 200 metro karratuko estalki bat eraikiko dugu Eztegarako egoitzaren azpiko patioan. Gure Ikastolak aspalditik behar zuen halako idorpe bat eta ikasturte honetan Covid-19aren eraginez inoiz baino nabarmenago agertu da gabezia hori. Zenbait guraso, irakasle eta bazkideren artean landu dituzte patio berrirako ideiak eta ondotik bazkideek batzarrean onartu dute Ander Rodriguez arkitektuak gauzatutako proiektua.

Aipatu behar da, Ikastolen Elkartasun Kutxatik jaso dugun 60.000 euroko maileguari esker eraiki ahal izanen dugula estalki hau. Euskal Herriko ikastola guztien ekarpenei esker urtero dirulaguntza batzuk banatzen dira proiektu estrategikoak egin nahi dituzten Ikastolen artean eta oraingoan Berako Ikastolari egokitu zaio bertze kooperatiben ekarpena jasotzea. Beraz, hemendik gure esker ona gainerako Ikastola guzientzat. Guztira 800.000 euro banatu dituzte aurten 10 proiektu hautatuen artean. Azkenik, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea patio berria herriari irekia izanen dela urte guzian. Berako Udalarekin egin dugun akordioaren arabera herritar guziek izanen dute estalkia erabiltzeko aukera. Herrian dauden espazio estaliak ez dira aunitz eta Ikastola herriaren erdi-erdian dagoenez, iruditzen zaigu herritarrek eskertuko dutela estalki berri hau erabili ahal izatea.